Noiz: 2007ko urtarrila

Non: Andoain

Proiektua: Andoain eta haren irudikapenei buruzko instalazioa. EUSKADI Trademark lan-ildoari jarraiki, Andoaingo Bastero Kulturgunean egindako “Label. In&Out” erakusketan parte hartzeko sortua.

Lan-taldea: Saioa Olmoren proiektua da eta komisario lanak Elebi Taldeak egin ditu.

“Andoain 20140”,  Andoain eta bere irudikapenei buruzko proiektua izan zen. Andoain izendatzeko erabil daitezkeen elementuei (armarria, posta kodea, arkitektura ikonikoa…) buruzko hausnarketa izan zen, eta baita herriko jendea elementu horiekin identifikatzen zen ala beste batzuk proposatuko lituzkeen jakiteko lana ere.

Instalazio honetan, Andoaingo armarriaren irudi grafikoa izan zen herriko ezaugarriei buruzko hausnarketa sustatzeko abiapuntua. Andoaingo herritarrei egindako elkarrizketak biltzen dituen bideoa grabatu zen eta hona hemen Andoaindarrei egindako zenbait galdera:

  • Ezagutzen al duzu Andoaingo armarria? Bat egiten al duzu armarri horrekin? Gaur egun herria ondo ordezkatzen duela iruditzen al zaizu?
  • Andoaindik kanpo ezagutzen dela uste al duzu? Zertarako balio du armarri batek? Zein erabilpen izan ditzake?
  • Zer da zuretzat aipagarria Andoaini dagokionean? Informazio horrek armarrian, anagraman edo logoan egon beharko lukeela uste al duzu?
  • Zer iruditzen zaizu gai instituzionaletarako armarria erabiltzea eta beste kontuetarako irudi hurbilago bat erabiltzea?
  • Jendeak Euskal Herriko Selekzioaren anagrama, Nike markaren logotipoa, bere talde kuttunaren izena edo azken Araba Euskaraz-eko edo Kilometroak-eko marrazkia eraman ohi du kamisetetan.  Eramango al zenuke Andoaingo armarria kamisetan? Bai, ez, akaso, nola?
  • Gaur egun sinbolo, marka, ikur eta bereizgarri gehiegiz inguraturik gaudela iruditzen al zaizu? Batzuk besteekin lehian edo elkarbizitza lasaian? Esate baterako, marka instituzionalak eta merkataritza-markak, zer jarrera hartzen dugu hauen aurrean?
  • Ikur grafikoak suaren kea bezalakoak dira, ikusgai bihurtzen baitituzte, ikusgaitz diren gauzak. Zer dago Andoaingo armarriaren atzean? Jendea benetan sentitzen al da “Andoaindarra” ? Herriari buruzko erabakietan parte hartzen al du? Gustura al dago herrian?

Sinboloekin eta hauen esanahiarekin jolasean

Instalazioan zenbait elementu proposatzen ziren jarduera desberdinak lantzeko:

  • Zure burua Andoaingo armarrian islatua ikusten jolastu.
  • Armarri forma duen pin bat janztea, baina pin honen edukia mugitzen zaren heinean, aldatuz doa eta zure ingurua islatzen du.
  • Armarrian Andoainen erakusgarri diren ezaugarriak jartzen jolastu, ken eta jar moduko imanekin.

Andoainen bestelako irudikapenak

Betiko armarriaz gain, beste 3 irudikapen aurkeztu ziren: Google Earth-ek eskaintzen duen lurralde-irudia; Andoaingo herritarren erakundeei buruzkoa eta azkena, Andoaingo herritarrek elkarrizketetan aipatutako elementuak agertzen dituena.

AndoainAndoain