Noiz: 2007ko urria

Non: Bilbo

Proiektua: Artxandako Jolas Parkera bisita gidatuak

Lan-taldea: Saioa Olmok y Consonnik sortutako proiektua, Consonnik ekoitzia, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Arteleku-Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundua.

Webgunea: www.vuelvenlasatracciones.com

“Atrakzioen Itzulera” izeneko proiektuak gaur egungo aurri bat, Artxandako jolas-parkea, eta bisitaldi gidatuak erabiltzen ditu ikuskizunaren eta kontsumoaren gizarteari buruz hitz egiteko. Gaur egungo aurria gure giza-testuinguruaren iraganari eta etorkizunari buruzko hausnarketa sustatzeko tresna izan daiteke eta era berean, gure etorkizuneko hiri-ereduak aztertzeko bidea irekitzen digu.

Bizkaiko Jolas-parkea 1974. urtean ireki zen eta 1990.enean itxi zituen ateak betiko. Gaur egun, gurpil handia desagertuta, errusiar mendia, tren mamua, olagarroa edo zizare zoroa bezalako atrakzioak imajinatu egin daitezke. Jatetxea oraindik ere martxan egongo balitz bezala dago, ateratzeko prest dauden erretiluak, logika kezkagarri batez han eta hemen sakabanatuak dauden aulkiak… Fantasiazko paisaiak sastrakak estaltzen ditu. Jolaserako sortutako espazioa da eta nahiz eta gaur egun erabilgarri ez egon, oraindik ere bizirik dago ahanzturak sortzen duen erakargarritasunarekin.

Ireki eta 30 urtera, Artxandako Jolas-parkea bere lozorrotik esnatu zen. 2007ko irailaren 14an, Arriaga Antzokiaren plazan, su artifizialak izan ziren 2007ko urrian egingo ziren bisitaldi gidatuei hasiera emateko.

Urriko ostegun, ostiral, larunbat eta igandeetan Artxandako Jolas-parkeak ateak ireki zituen, berez sortutako 10 atrakzio berrien bideari jarraiki, ibilbide fisiko zein sinbolikoa osatuko zuten bisitaldi gidatuak egiteko:

  • Atrakzio Batuen Legebiltzarra (anfiteatro zaharra), bere garaian Mecano, Los Pecos edo Mocedades bezalako taldeentzat agertoki izan zena, gaur egun, parkeko atrakzioek, haien dekadentzia onartu nahi ez duten jainkosak bailiran, erabakiak hartzeko erabiltzen duten eremua da.
  • Paradisu Itsas-bidaia, igerilekutik hurbilen zegoen eta dutxa eta armairuak zituen kafetegia izan zen bere garaian. Gaur egun, hondoa jota dago eta zintzilik dagoen koadroren batek botatako madarikazioak opor giroko leku honen hondamendia aldarrikatzen du, Dorian Grayren irudiaren antzera.
  • Esperientzia Anfibioa. Musu ematerakoan printze bihurtzen diren apoen protagonismoaz nazkatuta, igelek igerileku zaharra hartzea erabaki dute eta Errepublikako lehendakari izendatu dute euren burua.
  • Txiliotxio Izugarrien Gotorlekua, etxe sorginduaren berezko aldaketa izan da. Gaur egun, iluntasun kezkagarri baten babesleku da… eta baita txiliotxilioena ere, erdi enara erdi saguzarra den ametsezko hegaztia.
  • Ontzi Espaziala. Bere garaian mugimendu handia zuen kafetegi honek, self service-a eta terraza barne. Gaur egun, espazio-ontzi bat da eta helburu jakin batekin dator: lurraren iraganari eta etorkizunari eustea.
  • Galdutako Ametsen Etxea, Edurnezuri eta oihalezko ipotxen etxea izan zen parkea itxi arte, gero, irudimena hegan atera zen handik eta ametsek korrika egin zuten haien atzetik kaosaren lorratza utziz.
  • XX. Mendeko Altxorrak, topatu beharreko mapa bateko eremu zehaztugabean ezkutaturik dauden XX. mendeko aztarna bitxiak dira, joan den mendeko eroaldiak beldurtu zuen informatikari fetixista batek bildutako aztarnak.
  • Barne Oihana, garai batean luxuzko jatetxea izan zen eta gaur egun, berotegi-efektuaren laguntzaz, iratze eta goroldio mutanteak ateratzen dira alfonbretatik.
  • Ihesaldi Basatia. Minizoo zahar hau itxi zenean, bertako biztanleak ihesaldi basatian atera ziren handik, hori bai, zaindari geratu ziren lehoi-eme ikusgarri bat eta Osopardo izeneko bere ezkutari leiala.
  • Oroitzapenen Dorrea. Lehen bulegoak izan ziren eta gaur egun, argazkiz, tiketez, planoez eta iraganeko erlikiez beteta, oroimenean trabatuta geratu diren oroitzapen zoragarriak berreskuratzeko eta ahaztu nahi ditugun gomutak alde batera uzteko leku ezin hobea da.

 Bisitaldi gidatuek arrakasta handia izan zuten. Eskaini genituen 500 lekuak bete egin ziren eta zoritxarrez jende asko aukerarik gabe geratu zen. Beraz, ez dugu alde batera uzten proiektu honen barruan jarduera berriak antolatzea.

Vuelven las Atracciones